Maiatzean Donostiara bisitan zatoz eta euskarazko hitz edo esaldi batzuk ikasteko aprobetxatu nahi duzu?
11 egun hauetan zehar euskaraz ulertu edota hitz egiten duten 16 urtetik gorako donostiar askok txapa bat eramango dute paparrean: aho edo belarri baten irudia duen txapa. Euskararen erabilera sustatzeko ariketa sozial erraldoi batean parte hartzen ari diren seinale izango da. Euskaraldia du izena ariketa sozial horrek eta hamaika egunez hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskara ahalik eta gehienetan erabiltzea da helburua.
Bi rol daude aukeran parte hartzeko: Ahobizi eta belarriprest. Ahobizi direnak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute une oro, lehen hitza beti euskaraz egingo dute eta euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz jarraituko dute hartu-emana. Horrek elkarrizketa elebidunak sortuko ditu zenbaitetan, eta horiei ere bidea eman nahi zaie.