Donostiako denda historikoen ibilbidea

Egilea San Sebastián Turismo

Casa Munoa (1935): Donostiako altxorra

Gure ibilbidea Casa Munoan hasiko dugu, ia mende batez hirian gailentzen den bitxi-denda honetan. 1935etik, etxe honek pieza bakanak egin ditu, Balenciagan, Chanelen eta izen handiko beste sortzaile batzuetan inspiratuta. Estilo paregabea izaten jarraitzen duen klasiko bat da.

Casa Munoaren datu interesgarria

Oroigarri berezi bat nahi baduzu, «Donostibay» bitxia aukera paregabea da. Donostiako badia ospetsuaren edertasuna jasotzen du, diseinu fin batekin.

Leclercq (1932): Tradizioa neurrira

Bitxietatik kapeletara egin dugu salto. 1932an sortu zenetik, Leclercq-ek estilo propioa izaten jarraitzen du, belaunaldiz belaunaldi igorritako lanbidearen eskarmentuari eta eskuz egindako lanari esker. Gaur egun, laugarren belaunaldiak darama denda, bezeroei hurbiltasuna eta aholku onak eskainiz. Kapela-denda honek ospe handia du marken aukeraketa zainduagatik. Baita Euskal Herri osoan kapela eta txapel modelo ugarienak hemen aurki daitezkeelako ere.

Gainera, Elósegui etxeko txapelen bilduma zabal-zabalena dute. Hau guztia jatorrizko altzariak eta xarma berezia gordetzen dituen espazio batean.

Leclercq kapelategiaren datu interesgarria


1934ko iraultzan tiro batek utzitako aztarna ikus daiteke oraindik erakusmahaiaren alboan —iraganaren zulo txiki hura, paretan.

Otaegui gozotegia (1886): Betiko zaporea

Gutizia gozo batez gozatzeko etenaldia egitea baino gauza hoberik ba al da? Casa Munoa dendatik hurbil, Alde Zaharraren bihotzean, Otaegui gozotegia aurkituko dugu, 1886an sortua. Hango gozogintzak euskal eta europar tradizioen alderdirik hoberenak uztartzen dituenez, Errege Etxearen hornitzaile ofiziala izan zen XX. mendearen hasieran. Esaten dutenez, Maria Kristina erreginak izugarri maite zuen gozotegi honetako almendra-bizkotxoa.

Otaegui gozotegiaren datu interesgarria

Otaegui etxean sortu zen Pantxineta® famatua: hainbat belaunaldi konkistatu dituen kremaz betetako hostorea. Probatu eta ulertuko duzu.

Ponsol (1838): Kapela-dendarik zaharrena

Ibilaldia eztitu ondoren, Ponsolera joango gara. 1838an sortutako kapela-denda hau Euskadiko zaharrena da, eta benetako erreferentea hirian, gainera. Garai batean, kapelarik gabe irtetea pentsaezina zen eta, modak aldatu diren arren, denda honetan oraindik ere adituak dira estilo bakoitzerako osagarririk onena aurkitzeko orduan.

Ponsolen datu interesgarria

1897an, Maria Kristina erreginak «Errege Etxearen hornitzaile» titulua eman zion kapela-dendari, Alfontso XIII.aren txapelak fabrikatzen egindako lanagatik.

Irulea (1932): Eskuz egindako jantzigintza

Kapeletatik betiko ehunetara igaroko gara. Iruleak bere jatorrizko altzariak izaten jarraitzen du eta etxeko arroparen eta eskuz egindako jantzigintzaren arloko dendarik nabarmenetako bat da, oraindik ere. Hemendik irteten den jantzi bakoitzak halako historia duen denda batek soilik eman dezakeen ukitu paregabe eta pertsonalizatua dauka.

Irulearen datu interesgarria

Iruleak Estatu barruko eta nazioarteko bidalketak egiten ditu. Horietako bat Cambridgeko dukeengana iritsi zen: Charlotte printzesa Iruleak eskuz egindako txano batekin irten zen ospitaletik.

Benegas lurrindegia (1908): Hiriaren esentzia

Ibilbideari jarraituz, Benegas lurrindegira iritsiko gara: Donostiako denda klasiko bat da, 1908tik. Sortu zenean, ingeles estiloko ile-apaindegia zen, lurrindegi eta guzti, eta laster bihurtu zen Belle Époque garaiko goi-mailako gizartearen bisiten xede. Denborarekin, ile-apaindegia bertan behera utzi eta kalitate handiko lurrinetan eta kosmetikan espezializatu zen; hala, hiriko dendarik ezagunenetako bat bilakatu zen.

Benegas lurrindegiaren datu interesgarria

Casa Benegas lurrindegian hiriaren lurrina aurki dezakezu: SSirimiri. Donostiako sustraiak dituen aroma horrek hiriko bereizgarri den zirimiria du inspirazio-iturri.

BOX San Sebastián (1948): Larruaren artea

Lurrin dotoreetatik, larruaren artera igaroko gara. 1948tik, larrukigintzaren munduan kalitatearen, diseinuaren eta tradizioaren sinbolo bihurtu da BOX San Sebastián. Hasieran lantegi txiki bat zen, baina gaur egun dotoreziaren eta aparteko artisautzaren sinonimo da

BOX San Sebastiánen datu interesgarria

Dendaren diseinu ikonikoetako bat 8010Y6 poltsa da, 1980an sortua. Haren erosotasunak, soiltasunak eta funtzionaltasunak denborazkanpoko klasiko bihurtu du, baita Donostiaren oroigarri ezin hobe ere.

San Martin azoka (1884): Hiriko merkataritzaren erdigunea

Hiria sentitzeko modurik hoberena azoka bateko korridoreetan barrena ibiltzea da. San Martin azoka 1884an inauguratu zuten eta hornidura-azoka izatetik merkataritza-gune moderno bilakatu da. Azken urteotan, hiriko azoka nagusi bihurtu da, baita donostiarrentzako topagune ere, tradizioa, gastronomia eta jantzi-dendak uztartzen baititu.

San Martin azokaren datu interesgarria

Azokako postuak astean zeharreko goiz batean bisitatzea gomendatzen dugu, tokiko hornitzaileen produktu freskoren bat erosteko. Hemen aurkituko dituzu probintziako zaporerik onenetako batzuk.

Miner (1926): Donostia bi gurpiletan

Ibilbidea amaitzeko, Miner etxeko bizikleta batean igoko gara. 1926tik, bi gurpiletan mugitu nahi duten donostiarrentzako erreferente bat izan da. Hasieran lantegi txiki bat zena hiri- eta kirol-jantzien marka aipagarri bilakatu da; hain zuzen, hiru belaunaldi daramatza mugikortasun jasangarriaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten.

Minerren datu interesgarria

Miner txirrindularitzako apustu batetik sortu zen. Etxearen sortzaile José Luis Minerrek 12 lasterketa irabazi zituen jarraian, eta horren harira zabaldu zuen bere lantegia 1930ean.
 
Denda hauetako bakoitza hiriaren parte da. Produktuak saltzeaz gain, istorioak kontatzen dituzte. Beraz, Donostiara etortzen zarenean, sartu, kuxkuxeatu, eta eman amain zure buruari. Txoko bakoitzean iraganaren zati bat baitago, jendeak ezagutu zain.