Aire zabaleko eskulturak

Hiria bera museo bat denean

Gure hiriaren funtsezko ezaugarria da artea espazio irekietan eskuragarri jartzea guztiontzat. Hirian barrena eginiko ibilalditxo batean, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza eta beste zenbait artista handiren lanak ikusiko dituzu, hiriaren fisionomian erabat integratuta.

Haizearen Orrazia
Eduardo Chillidaren eskultura ospetsu hori edertasunaren adibide ezin hobea da, artearen eta paisaiaren arteko elkarrizketa sakona. Elkartzeko eta erlaxatzeko lekua da, hala donostiarrentzat nola turistentzat.
Eraikuntza Hutsa
Pasealeku Berrian dago Jorge Oteizaren lan hori, orain 50 urte São Pauloko Bienalean saritua eta arte garaikidearen munduan erreferentzia bihurtua.
Bakearen Usoa
Zurriola pasealekuan, itsasora begira, Nestor Basterretxea euskal eskultoreak diseinatutako eskultura hau topatuko dugu, 7 metrokoa.
Jesusen Bihotza
Federico Coullaut artistak eginiko obra hori 12 metro garai da, eta sei kilometrotik ikus daiteke itsaso zabalean. Urgull mendiaren tontorretik, hiria zaintzen du.
Hondalea
Cristina Iglesiasen lan hori hustutako itsasargiaren barruan induskatuta dago. Artistak uztartu egiten ditu, batetik, euskal kostaldeko geologia eta ekologia berezia eta, bestetik, uhartea inguratzen duten ozeanoko uren indarra.
Arte gehiago gure museoetan
Maitemindurik gelditu bazara Donostiako hiri artearekin, nahitaez bisitatu behar duzu gure museoetako eskaintza askotarikoa; lan horiek, iraganari begiratzeko leiho bat izateaz gainera, ilusioz begiratzen diete orainari eta etorkizunari.
Omenaldia Flemingi
Obra honen bidez, Eduardo Chillidak penizilinaren asmatzailea omendu nahi izan zuen. 1955ean diseinatu zuen burdinez, baina 1990ean granitoz zizelkatu zuen artistak, gaur egun ezagutzen dugun moduan.
Errukia
Jorge Oteizaren zirriborroetan oinarritutako lan hori José Ramon Anda eskultoreak egin zuen, eta Oteizak berak gainbegiratu zuen une oro. San Bizente elizaren fatxadan jarri zuten 1999an.
Bakearen Gurutzea
Chillidaren lan hori artistak berak oparitu zion Artzain Onaren Katedralari, tenpluak 1997an mende bat bete zuenean. Gurutzea alabastrozko pieza batetik aterata dago, eta harriaren jatorrizko testura mantentzen du.
San Telmo Museoak bultzatutako dokumentazio lan handi horri esker, gure hiriaren fisionomia eta, kasu askotan, historia osatzen duten eskulturak ezagutu ditzakezu. Ibili tipi-tapa Donostian zehar, benetako aditua bazina bezala.